Urola Kosta, turismo Zarautz

 GEOGRAFIA

Urola Kostak mugakide ditu iparraldean Kantauri itsasoa, hegoaldean Urola Erdia, ekialdean Donostialdea eta mendebaldean Debabarrena. Pagoetako gaina eta gurutzea, Pagoetako natura parkearen erdigunea.

Morfoegituraren aldetik ikusita, bi gune daude. Iparraldean, Tertziarioko itsasaldeko mendi saila, hau da, Igeldo-Mendizorrotzeko mendebaleko muturra; Oria ibaiak itsasoratzean sortzen duen adarrak eteten du. Handik aurrera, mendi sailak ozta-ozta jarraitzen du, Orioko gainetik, berriz ere Getariako sektore deritzanean agertzeko, hots, San Anton mendian (Getariako arratoia). Sektore hori Urola ibaiaren itsasoratzeak eteten du, eta handik aurrera Mariantongo muturrean eta San Telmoko hondartzan jarraitzen du. Itsasaldeko mendikatearen hegoaldean, sakonune bat osatzen dute kanpoaldeko igarobideak (Oriako sektorea) eta Zarauzko apalguneak. Litologiaren aldetik ikusita, kanpoaldeko igarobidea tuparriz eta kare harri nahasiz dago osatua. Hemen sartzen da, hain zuzen ere, sektore hori itsasoan; horrela zabaltzen da, hondar pilaketa batek lagundurik, Zarauzko hondartza. Alderdi horretan dago baita ere Zarauzko diapiroa.

Urola ibaia Aizkorriko mendilerroaren iparraldeko isurialdean (Urola Garaia eskualdean) sortzen da, karstetako ur jarioen indarrez. Altzolaraz, Ibaieder (urtegia dauka), Errezil eta Urrestilla erreken urak jasotzen baditu ere, isuria batez beste ez du oso ugaria: 8,5 metro kubiko segundoko. Urola Kostan itsasoratzen da, lehenik Aizarnazabal eta gero Zumaia zeharkatuta, eta hondar multzo handiak utzirik.

Eskualdeko ipar-ekialdea Oria ibaiak zeharkatzen du. Itsasoratzean alubioizko ordoki bat osatzen du; oraindik padura txiki batzuk gelditzen dira alderdi horretan. Moila luze baten babesean, Orioko hondartza dago. Iparraldean eta alderdi lauetan belardiak dira nagusi eskualde honetan. Gainerakoan, pinudiak, larreak eta hariztiak dira. Interes naturalistiko berezia du Pagoetako natura parkeak.

Biztanleria

Aia: 2046 biz.
Getaria: 2818 biz.
Orio: 6000 biz.
Zarautz: 23273 biz.
Zumaia: 10066 biz.