kostaldea urola kosta ondarea elkano eta itsasoa cabecera

ELKANO ETA ITSASOA

Itsasoa beti egon da hor, eta mendez mende gure itsas-izaera eraikitzera eraman gaitu Kantauri itsasoarekin batera bizitzeak. Izaera horrek –itsasoko baliabideak aprobetxatzekoak– itsas- ondare eta -paisaia aberatsak utzi dizkigu. Gure inguruko guztia hazi eta eraiki zen harreman estu horretatik abiatuta: gure etxe eta baserrien orientazioa, gure elizetako gaiak, basoetako zuhaitzen tipologia, zeinak itsasontzietarako egur edo burdinoletarako ikatz bihurtzen zituzten, edota sagardoa eta txakolina ekoizteko xedez sortutako laborantzak, itsas-espedizio handietara eramaten baitzituzten edari horiek. Gure herrietan, nazioartean ezagunak ziren itsas-pertsonak jaio ziren; besteak beste, Juan Sebastian Elkano, Domingo Bonetxea edo Manuel Agote. Munduko historiaren funtsezko zati izan ziren: balea-ehizaren garapena, bilaketa-espedizioak, arrantza-espedizioak (Terranovara eta Artikora), historian ozeanoarteko lehenengo ontziak izandako itsasontzien eta galeoien garapena eta eraikuntza…

Itsas ondarea aipatzen denean sarritan museoetan gordetako antzinako itsasontziak edo itsas tresnak eta portuetako azpiegitura zaharrak datozkigu gogora. Asko eta asko harrituko lirake gaur egun Urola- Kostako eskualdeko paisaia, bertako biztanleak ere osagarri diren paisaia hori bera, itsasoak mendetan zehar izandako eraginaren ondorioz eraikia izan dela entzungo balute.

Eskualdeko paisaia milaka urtetan bertan bizi izandakoek itsas baliabideak ustiatzeko garatutako ekimenen emaitza da. Historian zehar itsas-ekimen horien emaitzak eta aztarnak, ibai ertzetan lohia bezala, sedimentatu dira ingurumenean, eta prozesu horren emaitza gaur egun disfrutatzen dugun Urola-Kostako paisaia paregabea da. Beraz, paisaia erabat itsastarra da, itsas-ondarez josia dago; begiak piska bat trebatzea nahikoa da errealitate honetaz jabetzeko eta gozatzeko.

kostaldea urola kosta ondarea elkano eta itsasoa