kostaldea-urola-informazio-praktikoa-klima

 KLIMA

3 elementu nagusik dute eragina Euskal Herriko kliman:
• Itsasoaren hurbiltasun/urruntasuna
• Erliebea (edo altitudea)
• Latitudea

Itsasoaren hurbiltasun/urruntasuna
Itsasoak tenperaturei dagokienez, badu ezaugarri garrantzitsu bat, bere ahalmen termoerregulatzailea. Urak inertzia termiko handiagoa dauka lurrak baino, hau da, urari gehiago kostatzen zaio berotzea baina baita hoztea ere. Horregatik, udak zein neguak epelak direla esan daiteke.

Gainera, Urola Kostan, itsasoaren hurbiltasunak beste faktore bat gehitzen die ezaugarri klimatikoei: Golkoko itsaslasterraren eragina. Itsaslaster bero hori Mexikoko golkoan sortzen da eta Ozeano Atlantiko osoa zeharkatu ondoren, Europa mendebaldeko kostara heltzen da. Itsas korronte horrek eragin oso garrantzitsua dauka Europako mendebaldeko kliman, tenperaturak asko leuntzen baititu.

Erliebea

Erliebea ere faktore garrantzitsua da kliman. Honek, batez ere prezipitazioen banaketa baldintzatzen du. Euskal Herria, lurralde menditsua izanik faktore honek garrantzi handia du prezipitazioen banaketan. Mendi garaienak lurraldearen erdialdean daude ekialdetik mendebaldera, hau da, Euskal Herria bi zatitan banatzen du Kantauri isurialdea eta mediterranear isurialdea. Honela ipar eta ipar-mendebaldeko haizearekin prezipitazioak Kantauri isurialdean izaten dira batez ere. Erliebe egiturek mikroklimak eratzen dituzte, haranetan esaterako behe lainoaren formazioa ahalbidetzen du.

Latitudea

Euskal Herria 42º eta 43º 50’ bitarteko ipar latitudean dago, hau da, Lurraren eremu epelean. Lurraren inklinazioak eta gauden latitudeak hainbat urtaro izatea ahalbidetzen du. Neguan, eguzki izpiak zeharka iristen dira; udan, aldiz, goitik behera zuzenean.