ZARAUTZ

ZARAUZKO KANALA

“Kanala” hitzak beharbada gauza handiaren sentsazioa ematen du, baina ez da horrela. Zarautzen “kanala” deitzen badiogu ere, nahiko txikia da. “Kanala” deitzearena XX. mendearen hasieran egin ziren bokalea kanalizatzeko murruengatik izango da seguruenez.

Inguru horretan marea indarrez sartzen da eta ur gazia eta geza nahasten da. Bertaraino materialak, hondarra, harriak eta bestelako gauza asko arrastatzen dira, eta horrelako ur arreak, horrelako eguneroko desordenak –bi aldiz gazi, bi aldiz geza, eta gero lehor baita–, landareen bizitza zailagotu egiten du; ez ordea animali bizitza, era askotakoak eta ugari baitaude. Kaioak bezalako espezie oportunistak talde handitan biltzen dira, mokoarekin haizeari aurre eginez lumak orrazteko. Kuliskak itsas ertzean alde batetik bestera ibiltzen dira intsektu txikiak mokokatzen. Korrokoi tripazaleek ur uher hauek kolonizatzen dituzte ia denetik janez. Maskorren aztarnek adierazten digute beste izaki batzuk ere badaudela. Txirriak, zomorroak, barraskiloak, itsas arkakusoak eta abar kanaleko izaki tipikoak dira, eta batzuek beren aztarna uzten dute bertako zoru bigunetan.

ZARAUZKO DUNAK

Hondartzaren Iparraren eta Iñurritza ibaiaren ezkerraldearen artean, probintziako duna-sistema zabalena dago, 177.200 m2 ingurukoa. Horietako gehienak golf klubaren instalazioen barruan daude.

Berriki egindako pasabide batek dunak bisitatu eta bertako landareak eta zortea izanez gero izaki txiki batzuk ere ikusten lagunduko digu.

Dunak formazio ahulekoak dira. Bertako landaredia kentzeak hondarra haizearen eskuetan uzten du, eta horrek duna hautsi egiten du ezinbestean.

Dunaren alde horretan, itsasoari begira bizi diren landareek asko sufritzen dute eguraldi zakarrarengatik.

Dunako landarediak eta animalia guztiek oso baldintza latzak jasan behar dituzte eta oso bizimodu zaila dute. Eboluzio urte asko behar izan dute horrelako bizimodu gogorrera ohitzeko, ia desertuko bizimodua baita: oso eguzkitsua egunez, urari eusteko zailtasunak eta hondar ale finak bere azal eta hostoen kontra astintzen dituen etengabeko haizearen kresala.

Landareek hainbat sistema bilatu behar izan dituzte hondarraren sakonean hezetasuna bilatzeko edo bere hostoek –esponjak izango balira bezala– urari eusteko, baita kanal txikiak balira bezala kokatuz ihintz tantak zuzenean landarearen zurtoinera bideratzeko ere.

Dunetako fauna, hegaztiak, narrastiak, anfibioak eta intsektu txikiak ekosistema horren baldintza zailetara egokitu dira, eta ikusi nahiz behatzeko pazientzia handia eduki behar da; izan ere, gehienak beren ingurunearekin mimetizatu egiten dira, eta baten bati erreparatuz gero, ez itzazu beldurtu, argazkia atera eta eraman ezazu oroigarri polit bat.

kostaldea-urola-aukeratu-kostaldea-zarautz_biotopoa_2

ZARAUZKO PADURA

Iñurritzako padura oso handia izan ez arren, ekosistemaren berezitasun guztiak gordetzen ditu. Berreskuratze fasean dago eta lehenbailehen berreskuratzea espero dugu denok. Pertsonak aldatu egiten dira, pentsamoldeak ere bai, eta duela urte batzuk zabortegi zenak, “zubiondoko zakarreta”, beste itxura bat du gaur egun.

Paduraren landaredia oso berezia da, eta aniztasun handirik ez izan arren, aberastasun apartekoa du, bertan egunean bi marearen bisita onartu eta lokatzetan gelditutako kresalari aurre egiteko gai diren landareak bakarrik bizi baitira, baina aldi berean ur gezatara egokitu behar dira. Paduretako landarediak lehen mailako rola jokatzen du kanalaren eta paduraren ziklo biologikoan, eta ezinbestekoa da bertan bizi den faunarentzat.

ZUMAIA

INGURUNE NATURALA

Zumaia Gipuzkoa mendebaldeko kostaldean kokatzen da, Urola ibaiaren itsasoratzean. Herria mendi berdez eta itsaso urdinaz inguratuta dago. Itsasoaren indarrek etengabe moldeatzen dute itsasertza, eta parekorik ez duen labar eta harralde ikusgarriez osaturiko paisaia eratzen dute. Geologia-altxor horrez gain, Bizkaiko golkoko zenbait eraketa eta ekosistema aipagarri biltzen ditu Zumaiak. Esate baterako, Deba eta Zumaia arteko marearteko zabalgune ikusgarria -Biotopo Babestua izendatua- eta Urola itsasadarreko Batasuneko Garrantzizko Lekua.

Kostaldea urola kosta naturaz gozatu berdea biotopoa Zumaia

UROLAKO ITSASADARRA

Urola itsasadarrak , Gipuzkoako kostaren zati mendebaldarrean dagoenak, Oikia eta Zumaia arteko Urola ibaiaren bokalea hartzen du. Azken zati honetan, meandroak irudikatzen ditu ibaiak, eskuin aldetik Artadiko mendi-hegalek babestutakoak; ezkerreko ibaiertzak, berriz, larre, baso eta partzialki urbanizatutako paduraz osaturiko ibar leuna islatzen du.

Zabalera urria eduki arren enklabeak estuarioetako paisaiaren irudikapen bat gordetzen du, giro aniztasuna barne, artadi kantauriarretatik ibai-basoko zatietara, txilardi-otadi oromediterraniarretatik sastrakadi halofiloetara, eta dunetako landareditik estuarioko larre gazietara.

Udalak plan berezi baten bidez babesten duen eta Natura 2000 Sarean barneratuta dagoen ingurune honetan hiru eremu nagusi bereizten dira:

  • Santiagoko dunak eta padura
  • Artadi auzoko artadia
  • Beduako meandroa eta uharteak

DEBA-ZUMAIA BIOTOPO BABESTUA

Deba eta Zumaia arteko itsasertz babestu honek 8 kilometro inguru eta 4.299 hektareako azalera du. Biotopoak, Euskal Autonomia Erkidegoko itsasertzeko ekosistema guztien artean geologia, paisaia eta naturaren aldetik oso balio handia duten elementuak ditu.

Besteak beste, itsasertzeko eremuaren geomorfologia aipatu behar da, nazioartean oso berezia delako, baina baita zonaren aldaketa antropogeniko eskasa ere. Interes geologikoa ezohikoa da, bertan dagoen marearteko zabalgunea oso handia baita. Zabalgune hori flysch tertziarioko materialen higadura bereizgarriak eta hain garbi markatzen den Kretazeoaren eta Tertziarioaren arteko trantsizioko tarteak sortu dute.

Geologia-aldien arteko trantsizioek, paisaiak eta naturak berak, Babestutako Biotopo izendatzeko baldintzak eskaintzen ditu, hau da, berezitasuna, bakantasuna, edertasun ikusgarria eta zientziaren aldetik nazioarte-mailan interes nabaria duten formazioak dauden eremua da.